gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 22, ostirala
Peter Handke
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > PETER HANDKE, GAUR ERE
PETER HANDKE - ZATI ETA IRUZKINAK


Atezainak penaltiari dion beldurra (1970)





Larunbatetan zinean gaueko saioa izaten zenez, Bloch oso goiz iritsi zen. Autozerbitzu batera joan zen, ez baitzegoen handik urrun, eta fricadelle bat jan zuen zutik. Zerbitzari neskari ahalik eta denborarik laburrenean txiste bat kontatzen ahalegindu zen; denbora igaro zelarik txistea amaitu arte kontatzeke, esaldi baten erdian etena egin eta ordaindu egin zuen. Zerbitzari neskak barre egin zuen.

Kalean, dirua eskatu zion ezagun batekin egin zuen topo. Blochek hitz batzuk esan zizkion haserre. Mozkorrak alkandoratik heldu, eta une horretantxe kalea ilunpetan geratu zen. Mozkorrak eskuari erortzen utzi zion, beldurturik. Bloch, zineko iragarki argidunak itzali zirela konturatzean, bizkor aldendu zen. Txartel-saltzailea zineko atean zegoen; mutil baten autoan igo behar zuen.

Blochek begiratu egin zion. Saltzaileak, dagoeneko aurreko eserlekuan jarrita zegoelarik, gidariaren ondoan, haren begiradari erantzun zion, soinekoa ez zimurtzeko moduan jartzen zuen bitartean; Blochi behintzat erantzun bat iruditu zitzaion. Ez zen besterik gertatu; saltzaileak atea itxi eta autoa abiatu egin zen.

Atezainak penaltiari dion beldurra (El miedo del portero al penalty . Alfaguara, 1979, or. 20-21)

Handkeren bigarren eleberria, nazioarte mailako proiekzioa emango ziona. Honetan, futboleko atezain izandako batek, mekanikari lanetik kanporatu ostean, ziurgabetasunez beteriko bizimoduari egin behar dio aurre. Futbolari garaiko oroitzapenak gordeak ditu, baina bere kontzientziari zail zaio egungo bizipenak, sentsazioak ulertzen.

Bloch pertsonaia eskizofrenikoa da, eta itxurazko inolako arrazoirik gabe Vienan emakume bat hiltzera iritsiko da; unibertso kafkarreko biztanleetako batzuen ezaugarri psikologikoak ditu. Handkeren literaturan etengabe ageri zaigun gizakiaren bihozminaren erakusgarria da.

1971n Wim Wenders-ek zinerako egokitu zuen.





Ikusleei irainak (1966); Gaspar (1968);
Apopiloak tutore izan nahi du (1969)






Baina kontzepzio horiek suntsitu egin behar dira. Zuek ez zarete antzezlan bat ikusten ari. Zuek ez zarete hartzaile huts. Zuek ekintzaren erdigunean bertan zaudete. Zuek sua bera zarete. Zuek piztuta zaudete. Zuek ignizio puntuan zaudete. Ez duzue eredurik behar. Zuek baitzarete eredua. Dagoeneko aurkitu zaituztete. Zuek zarete gaueko errebelazioa. Zuek pizten gaituzue. Gure hitzak sutu egiten dira zuek ukitu orduko. Pizten gaituen txinparta zuengandik ateratzen da.

Ikusleei irainak (Insultos al público. Alianza, 1982, or. 98-99)

Hirurogeiko urteetako bigarren erdialdeko hiru antzezlan, zeharo heterodoxo, probokatzaile eta eztabaidagarriak direnak. Horietako bakoitzak, gero bere lanetako askorekin gertatu zen bezala, Handkek txaloak eta erasoak berdin-berdin jasotzea eragingo zuen, miresleak zein aurkakoak inguratzen baitzituen.

Gaspar lanean -Kaspar Hauser ume basatiaren bizitzan inspiratuta dago-, pertsonaia baten eta hainbat hitzemaileren bidez hitzaren eta giza nortasunaren sortze botereari buruzko hausnarketa bat proposatzen du. Ikusleei irainak -en aktoreak, ikusle mutuekin hitz egiten duelarik, lortuko du ikusleak deseroso sentitzea, kezkatzea, eta ekitaldiaren iraupenaren eta zentzuaren kontzientzia hartzea. Apopiloak tutore izan nahi du lanak ez du testu dramatikorik, hobeto esanda, testu hori ohar bakar luze batek osatzen du.

Hainbat urte geroago (1989) Galderen jokoa (El juego de las preguntas , Alfaguara, Madril, 1992) lanarekin bezala, Handkek ikerkuntza pertsonal bat proposatzen du, gizakia bere inguruarekin nola erlazionatzen den argitzeko, begirada bakoitzak mundua nola zatitzen, aztertzen eta hitz bilakaturik itzultzen duen ulertzeko.





Munduaren pisua (1979); Lapitzaren historia (1982); Errepikapenaren fantasiak (2000)






Ez dut egotean errealitate sentsaziorik, baizik eta egote eta igarotzean; ez toki bati tinko heltzean, baizik eta topaketa errepikatuetan. Idaztea nork bere burua ezkutatzea eta erakustea da, behin eta berriro, harik eta nor izatera iristen den arte.

Lapitzaren historia (Historia del lápiz. Península, 1991, or. 158-159)

Handkek bere zati-idazketa jasotzen duen hiru liburu -lehena dagoeneko katalogotik kanpo dago-. Dietarioaren, ohar-koadernoaren antologiaren eta aforismo-bildumaren artean daude; beraz, haren tailerraren atzealdera zabaldutako leihotzat ikus daitezke.

Halaz, horietan lehengo obra batzuen oihartzunak eta etorkizuneko obren hoziak, irakurketen eta une iheskorren inpresioak aurki ditzakegu.

Autoreak kontatzen duen eta idazle gisa bizi izan duen historiatik abiaturik, sormenezko irakurketarako liburuak dira. Bizitzearen eta idaztearen arteko tentsioaren aztarnak.





Iraupenari poema (1986)





Egia da iraupena urtez urteko abentura dela,
egunerokotasunaren abentura dela,
baina ez da alfertasunaren inolako abentura,
ez da aisiaren inolako abentura (aisia oso aktiboa izanagatik ere).

Orduan, lanari lotuta al dago,
nekeari, zerbitzuari, edota uneoroko erabilgarritasunari?
Ez, horrela izanez gero arau bat izango luke,
orduan beharbada kode bateko artikulu bat eskatuko luke
ez ordea poema bat.
Iraupena bidaiatuz esperimentatu dut, eta baita
amets eginez, entzunez,
jolasean, behatuz,
estadio batean, eliza batean,
pixatoki askotan.

Iraupenari poema (Poema a la duración. Lumen, 1991, or. 35)

“Iragankorra kontserbatzeko, iheskorra betikotzeko ahalegin bat”, Eustaquio Barjauk hitzaurrean idazten duen moduan. Denbora errealaren kontzientzia hartzeko, hau da, kontzientziaren denborarako ahalegin bat. Henri Bergson filosofoak proposatzen zuen ildo beretik, unitateka zatitutako -erlojuetako- denboraren ilusioaren aurrean, erabilgarritasunaz neurtutako denboraren aurrean, beste modu batean bizi izateko proposamen bat, honetan zoriontasuna lehenago iritsiko baita zoriontasunari berari iristen lagundu diezaiokeen jarrera batetik, instantzia arrotzetatik baino.

Kezka ekologiko bat planteatzeko poema libre luze bat da, Desiratzea artean erabilgarria zenean (1974) liburutxoarekin egin zuen moduan, hartan hainbat hausnarketa jaso baitzituen Zibilizazioaren eta Teknikaren ustezko ordenaren inguru sozio-politikoari buruz, baina baita inguru fisiko eta ikusizkoari buruz ere, poema, prosa poetiko eta argazkiak ere baliatuz.

Gora

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net