Bere antzezlanen lehenbiziko estreinaldiekin eta bere liburuen agerpenarekin batera, pertsonaia eztabaidagarria sortu zen. Peter Handke izenari berdin-berdin eransten zizkioten “alemanezko idazle gazterik handienaren” titulua eta zaputz eta misantropo kalifikatzaileak. Nartzisistatzat eta autopropaganda zaletzat jotzen zuten, bolizko dorre batean bizi zela zioten, eta bera, bitartean, bere izaera iheskorrez nabarmentzen zen, jendearen eta, batez ere, ospe mediatikoaren aurrean joera horixe erakusten baitzuen. Egia esateko, pertsonaia berezia da, zeren eta bortizkeria berberaz egiten baitiote eraso, edo laudorio, bai “konpromisoaren” ikuspegitik, bai literatur gustuarenetik, baita askoz eremu arruntagoetatik ere.
Zalantzan jarri ezineko originaltasuna duen autorea da, dagoeneko lau hamarkada direla oso sailkapen zaileko prozedura eta formazko lanak idazten eta argitaratzen dituena. Izan ere, Europako literatur abangoardiako funtsezko izenetako bat izatera heldu den honek, bere hastapenetako pausoetan dagoeneko ongi adierazi zuen bere jarrera “47 Taldea” delakoak Princeton-en (1996) egin biltzarreko interbentzioetan, literatura “iraultzaile” eta “konprometitu” deituaren aurka jo zuelarik. Handkeren iritziz, literatura hau krimenaren lengoaiaren jarraitzailea zen, eta horrenbestez iraultza eta konpromiso modu erradikalago bat behar zen, lengoaia bera desmuntatuz horretarako. Eta hasierako proposamen horrek eutsi egingo zion iraganarekiko hausturari, mundu desberdin eta gizakiaren duin izango den mundu baten bilatzeari, ez, inolaz ere, instantzia bereiziren batetik abiatuta, baizik eta lengoaia berrituz, indar askatzaile edo garbitzailea fantasiari eta arteari emanez.
Handkeri lengoaiak eragiten dion kezkak hitzaren barne-mekanismoak desmuntatzera bultzatzen du, eta esango digu “gizaki konprometituak badaudela”, “ez idazle konprometituak”. Esate baterako, Günter Grass-ek duela gutxi honakoa adierazi zuen: “Hiritar gisa hartu nuen konpromisoa, idazlea den hiritar gisa alegia”, alderdi politiko baten aldeko jarrera hartu zuela gogoratuz (SPD-ren alde jo baitzuen 1961 eta 1994 bitartean); Handkeri, berriz, honakoa irakurriko diogu: “Kontua ez zen ni idazle naizen neurrian, baizik eta idazlea ni den neurrian (Idazle baten arratsaldea).
Metanarrazioen sortzaile, Handkeren orrialdeetako bakoitzean badirudi kontakizunak bere mugak gainditzen dituela, galdutako aberria-edo guri itzultzeko, gu munduaren substantzia etikora itzularazteko. Halaz, bete egiten du Errepikapenaren irudiak-en iragarritako honako susmoa: “Kontakizunak, hauxe baita morala, zure ekintza kontakizun gisa irudikatu ahal izateko modua izan dezazun dihardu (bere ekintzek kontakizun bat eratu ahal izateko moduan dihardu)”.
Orrialdea da egunero-egunero aurre egin behar izaten dion “gizartearekiko zorra”. Eta Handkeren literatura gaurkotasunaren asalduretatik aparte garatzen ahalegintzen delarik, paradoxikoki Balkanetako kontu ikaragarrien inguruko eztabaida latz batean sartuta geratu zen, Milosevic-en aldeko ez ziren serbiarren babesle-edo agertu izanagatik. Eta bere azkeneko liburuaren kasuan, Irudiaren galera delakoan, edota Gredosko Mendilerroan zehar izenekoan, bere literaturan hasieratik beretik agertu diren proiekzio utopikoak bazterrean uzten dituela dirudien arintasun aienagarri batean murgildu izana leporatu diote.